About Susana Gonzalez

This author has not yet filled in any details.
So far Susana Gonzalez has created 14 blog entries.

10. ASTEA: EKAINAREN 1ETIK 5ERA

2026-06-09T13:21:38+00:00June 9th, 2026|

Aste Urdinaren amaierara iristen ari gara. Ekainean sarturik, Iruñeko Nuestra Señora del Huerto eta Uharteko Virgen Blanca ikastetxeetako ikasleek abenturak partekatu dituzte gurekin.

Benetako zurrunbilo batek zeharkatu du urtegia iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera. A zer kemena eta gogoa itsasneska-mutil hauena!

Fresko hasi dugu astea. Pendulu bat bezala dabil udaberria eguraldia aurreko astean bizitakoaren kontrako muturrean ekarri baitu. Baina ez da kexarik izan; gauzak egiteko gogo handia besterik ez.

Denetarik izan du nabigazioak. Asteartean, haizeak haserre zirudien, hain zoro, ezen lehorrean utzi gintuen. Egun hartan, piraguekin, haize-boladei izkin egiten joan ginen haizebetik toki seguruen bila. Gainerako singladuran Eolo engainatu eta bere gutiziak zukutu ditugu, ontzi handiekin, Vaurienekin eta Optimistekin ondo nabigatuz, haize leunak bultzatuta. Ostegunean ere, fokez bakarrik lagunduta, presa non ezkutatzen zen deskubritu genuen, han hegoaldean.

Baina ez da nabigatzea bakarrik, gauza pilo bat pentsatzen ere ibili gara, buruari bueltak ematen dizkiogu gure ingurunea zaintzeko norabiderik onena zein den erabakitzeko, elkarrekin bizitzen ikasteko edo zer dagoen ondo eta zer gaizki jakiteko; irakasleek ere lagundu dute ahalegin horretan.

Bela sinatzen jarraitzen dugu, idatzita dagoena gure asmoa izan dadin, gure konpromisoa.

 

9. TXANDA: MAIATZAREN 25TIK 29RA

2026-06-02T10:15:47+00:00June 2nd, 2026|

Udaberriak eta aste beroak bizi ditugun arren, guk uste honek marka guztiak hautsi dituela. Beraz, abuztuan bezala, Jaso Ikastolako, Barañain eta Agoitz BHIko eta Virgen del Camino LHIPko ikasleek oporrak aurreratu zaizkiela pentsatu dute. Baina beti bezala, gure taldeak “gela” berezi batean lan egin nahi izan du, urez, zuhaitzez, zeru irekiz eta goizean kantatzen diguten animaliatxoz inguratuta.

Eta bai, astean zehar kanpainak dituen helburuak lortzen saiatu gara buru-belarri. Pixkanaka-pixkanaka, eta haize leunak arratsaldeetan, marinel hauek, nabigazio arteen jabe egin dira eta jardueretan sartu dira. Agian norbaitentzat erronka ez da nahikoa izan baina gehienek abentura polita bezala bizi izan dute.

Lur-jarduerak saioaren hasieran edo amaieran zipriztinduta burutu dira urtegian gustora bainatu direlako. Ur lasaiek baldintza onenak eta emaitza onak eman dizkiete piragua klaseei.

Denok gara tripulazio honetako kide, ez dago zalantzarik. Ikasleek, irakasleek eta begiraleek egunero aurrerantz daramate ontzia. Noizbait sentitu dugu kapako aingura batek nola geldiarazten zuen gure aurrerapena txopatik, baina, guztion artean, altxatzea eta norabide onean jarraitzea lortu dugu.

6. TXANDA: APIRILAREN 27TIK MAIATZAREN 1ERA

2026-05-03T19:16:50+00:00May 3rd, 2026|

Udaberriak nagia izan du aste honetan eta eguzkiak poltsikoan gorde du, baina Faltzesko Doña Álvara Álvarez EPko, Iruñeko Eunate BHIko, Ibaialde BHIko eta Politekniko Lizarra ZIko ikasleek gogor lan egin dute aurre egiteko, eta nahiz eta haizearekin eta ekaitzaren mehatxuren batekin etengabeko barealdiak izan, uraz gozatu eta jarduera guztiez gozatu dugu.

Taldeen arteko bizikidetza aparra bezala igo da, apurka-apurka harremanak eta giro ona nabarmendu dira, beraz pozik gaude helburu hau betetzegatik.

Rulo piraguaz, saioak primerakoak izan dira urtegi lasai baten gainean irristatzeko, eta lehorrean, beti bezala, motxilan eramaten diren gauza pila bat lantzen Shuren xuxurlarekin batera, seguru lagun izango dituelarik.

 

1. TXANDA: MARTXOAREN 16TIK 20RA.

2026-03-24T08:10:56+00:00March 24th, 2026|

Plazer handiz, 2026ko Eskola Kanpaina Sarrigurengo Uriz Pi eta Lodosako Ángel Martínez Baigorri ikastetxeetako ikasleekin hasteko aukera izan dugu. Nabigatzaile txikiek udaberria aurreratuaz gozatu dute, eta eguzkia izan da protagonista nagusia. Horregatik sentitu gara pribilegiatuak edizio berri honen estreinaldian.

Txikiak buru-belarri aritu dira lanean, lehen egunetik eta urratsez urrats itsas arteak ikasten. Haizea ondo portatu da eta pixkanaka asteko ariketa eta erronkak primeran betetzen joan dira. Barealdiak ere izan ditugu eta urtegia “plater” bat bezala paladak eman eta lasai zeharkatzeko eszenatokirik aproposena bihurtu da.

Eta lehorrean, energia berrituekin ingurua esploratu dugu eta jolasaren bidez, Shuren xuxurla ulertuz eta ekintza guztietan parte hartuz, nola ez, aste beteko abentura hezitzailea bete dute. Tripulazio hori guztia irakasle-talde batek lagundu du, eta, jaiegun bat tarteko, topera inplikatu da.

Go to Top