Aste Urdinaren amaierara iristen ari gara. Ekainean sarturik, Iruñeko Nuestra Señora del Huerto eta Uharteko Virgen Blanca ikastetxeetako ikasleek abenturak partekatu dituzte gurekin.
Benetako zurrunbilo batek zeharkatu du urtegia iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera. A zer kemena eta gogoa itsasneska-mutil hauena!
Fresko hasi dugu astea. Pendulu bat bezala dabil udaberria eguraldia aurreko astean bizitakoaren kontrako muturrean ekarri baitu. Baina ez da kexarik izan; gauzak egiteko gogo handia besterik ez.
Denetarik izan du nabigazioak. Asteartean, haizeak haserre zirudien, hain zoro, ezen lehorrean utzi gintuen. Egun hartan, piraguekin, haize-boladei izkin egiten joan ginen haizebetik toki seguruen bila. Gainerako singladuran Eolo engainatu eta bere gutiziak zukutu ditugu, ontzi handiekin, Vaurienekin eta Optimistekin ondo nabigatuz, haize leunak bultzatuta. Ostegunean ere, fokez bakarrik lagunduta, presa non ezkutatzen zen deskubritu genuen, han hegoaldean.
Baina ez da nabigatzea bakarrik, gauza pilo bat pentsatzen ere ibili gara, buruari bueltak ematen dizkiogu gure ingurunea zaintzeko norabiderik onena zein den erabakitzeko, elkarrekin bizitzen ikasteko edo zer dagoen ondo eta zer gaizki jakiteko; irakasleek ere lagundu dute ahalegin horretan.
Bela sinatzen jarraitzen dugu, idatzita dagoena gure asmoa izan dadin, gure konpromisoa.